XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kimikoki giza-hormonak, konplexutasun desberdineko peptidoak (tripeptidoetatik glikoproteinetararte, intsulina eta hazkuntzaren hormona adibidez), aminoazidoen (triiodotirodina edo adrenalina bezalakoak) edo lipidoen eratorriak (esteroide hormonak edo prostaglandinak bezalakoak) izan daitezke.

Gizakia ez diren bizidun desberdinetan hormona-mota ugaria dago (etano gasetik aldehido hegazkorrerarte adibidez).

Gizakiaren kasuan hormonak, sortzen duten guruina kontutan hartuaz, irizpide topografikoa erabiliz sailka daitezke. Honela, beste batzuen artean, hormona pankreatiko, giltzurrungaineko, tiroideo edo plazentalioz aritzen gara. Irizpide hau ez da baztertzailea: hormona asko hainbat organo desberdinek jariatuak izaten dira.

Irizpide fisiologikoa erabiliz, eraendu edo zuzentzen duten funtzioaren arabera taldeka daitezke hormonak. Honela liseri- (gastrina, sekretina,...), ugalketa- (androgeno, gestageno eta estrogenoak), giltzurrunen iragazpeneko (aldosterona, basopresina), bitarteko metabolismoko (intsulina, glukagoia, kortisola,...), hazkuntz- eta garapeneko- (GH, triiodotironina,...) edo neurotransmisioko (indorfinak, noradrenalina,...) hormonak daude.

Azkenik, irizpide biokimikoz, hormonen eraginari sentikorrak diren hartzaile-sistemen bitartez mintz zelularraren mailan jokatzen duten hormonak daude. Talde honetan intsulina, adrenalina, ACTHa, etab. daude.

Beste hormona batzuk, liposolugarriak, nukleo mailan eragiten dute, gene jakin batzuen adierazpena aktibatu edo inhibituz. Talde honetan glukokortikoideak, hormona sexualak eta tiroideak daude.

Hormonen efektu erregulatzailea garrantzi handikoa da. Orokorrean esaten dugu nerbio-sistemak, (hipotalamoak) hipofisiaren jariakinak erregulatzen dituela, eta guruin honek guruinak periferikoak (tiroidea, giltzurrungaineko azala, gonadak,...) kontrolatzen dituela.

Guruin hauek aldi berean diana-ehunak kitzikatzen dituzte. Hormonen mailek feed-back erregulazio negatiboa edo erretroelikadura jasaten dute. Hormona hipofisiario batek itu-guruin bat kitzikatzen badu, guruin honen hormonak hipofisiaren jariaketa inhibitzen du.

Hormona multzo batek adibidez, barauan odoleko glukosa maila eta janarien ondoren ia konstante mantentzen du. Beste multzo batek, oso konplexua denak, emakumearen hilekoaren zikloa, haurdunaldia eta erditzea kontrolatzen ditu.